Marie-Anne Pierrette Paulze edo Marie
Lavoisier (1758-1836) frantziar
kimikaria
eta noblea izan zen. Kimika modernoaren ama bezala ezagutzen da. Antoine
Lavoisier zientzialariaren emazte gisa aurkeztua izan ohi den arren
bien lankidetzatik aurkikuntza garrantzitsuak etorri ziren. Lan zientifiko asko
itzuli zituen eta metodo zientifikoaren estandarizazioan
berebiziko garrantzia izan zuen.
Aita abokatua
zen, ama 1761 urtean hil zen, Mariek 3 urte zituela eta aitak komentu batean
sartu zuen. Hamairu urte zituela Amervalgo kondearen ezkontza proposamena jaso
zuen. 50 urteko gizona zen. Aitak ezkontzari uko egin nahi izan zion baina
presio handiak jasan zituen, orduan bere lankide bati eskaini zion alaba,
Antoine Lavoisier zen lankide hura. 1771an ezkondu ziren, Mariek 13 urte zituen
eta Antoinek 28.
Kimikarako
zaletasuna beti izan zuen baina orduan aukera izan zuen laborategi bat egiteko.
Marie ere asko zaletu zen eta senarraren laborategian jarduera aktiboa izaten
hasi zen. Antoineren lankideak ziren Jean Baptiste Michel Bucquet eta Philippe
Gingembrek formakuntza sakona eman zioten. Mariek orduak pasatzen zituen
laborategian; ikerketa zientifikoak
itzultzen zizkion senarrari ingelesetik frantsesera. Flogistoaren teoria bizirik zegoen garai hartan Richard Kirwanen Essay on Phlogiston
and the Constitution of Acids lana itzuli zuen, bere iritzi kritikoa
gehituz eta lanak zituen akats metodologikoak identifikatuz.
1789 urtean
Lavoisierrek kimikaren munduan giltzarria izan zen Traité Élémentaire de
Chimie ("Oinarrizko kimikaren tratatua") argitaratu zuen. Kimika
arloaren eremu anitzak bateratzeaz gain materiaren kontserbazioaren legea
plazaratu zuen, flogistoaren teoria erabat baztertuz. Marieren hamahiru
marrazki zituen liburuak, laborategiko tresneriaren marrazki zehatzak ziren.
1794 urtean Frantziako Iraultzaren barneko Izu Garaian
Marieren aita eta senarra atxilotu zituzten eta egun berean exekutatu zituzten.
Frantziako gobernuak ondasun guztiak konfiskatu zituen, bai eta Lavoisierren
dokumentu, ikerketa eta laborategiko tresneria guztia ere. Mariek ordea lortu
zuen Antoine Lavoisierren memoriak argitaratzea, Mémoires de Chimie,
lortutako printzipio kimikoak zabaldu ziren horrela.
1804 urtean Benjamin Thompson fisikari
estatubatuarrarekin ezkondu zen. Mariek Lavoisier abizena mantentzeko borrokatu
zuen baina ez zitzaion onartu eta bien arteko erlazioa berehala eten zen.
1836 urtean Parisen hil zen, 78 urte zituela. Hil aurretik Antoine
Lavoisierri konfiskaturiko dokumentazioaren gehiengoa berreskuratzea lortu
zuen.
Senarraren laguntzaile lanetan aritu izan zen laborategian, ez
bakarrik ikerketa zientifikoak itzultzen, baita lortutako emaitzak jasotzen,
diagramak egiten eta marrazki zehatzak egiten.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina