Agnes
Luise Wilhelmine Pockels (Venezia, 1862ko otsailaren 14a - Brunswick,
1935eko azaroaren 21a) kimikaren esparruan bidegilea izan zen. Bere lana funtsezkoa izan zen gainazalen zientziaren sorreran, likidoen
eta solidoen gainazalak ikertzen dituen zientzia. Konkretuki monokapen ikerketa
egin zuen, ura, xaboiak eta olioak dituzten harremanak aztertuz.
Pockels Venezian
jaio zen 1862an. Garai hartan Venezia Austria-Hungariako Inperioaren menpe
zegoen, Lombardia-Venezia Erresumaren baitan. Pockelsen aitak Austriako Armadan
lan egiten zuen. 1871n familia Brunswickera mugitu zen, Agnes malariaz kutsatu
baitzen. Brunswick garai hartan Saxonia Beherean zegoen, sortu berria zen Alemaniako
Inperioan. Bertan Pockelsek neskentzako institutoan ikasi zuen. Umea zenetik Pockelsek interes handiarekin jarraitzen zuen zientzia, eta fisika ikastea zen bere ametsa. Garai hartan, hala ere, emakumeek ez zuten unibertsitatean ikasterik. Bere anaia gaztea zen Friedrich Carl Alwin Pockelsek fisika ikasi zuen eta literatura zientifikoa lortzen laguntzen zion. Pockels efektua bere anaiak aurkitu zuen.
Pockelsen gurasoak gaixotiak ziren eta bera, ezkongabea, gurasoen zaintza lanak bere gain hartu zituen. Bere bizitzako zati handia sukaldean eman zuen, olio, xaboi eta bestelako etxeko produktuekin. Errelatoak dio harrikoa egiten ari zela fluido batek duen gainazal-tentsioa eta fluido horretan zeuden ez-purutasunak zuten harremana aurkitu zuela.
Ikerketa egiteko ezagutza formalik ez bazuen ere, Pockelsek asmakizun bat egin zuen, Pockelsen aska deitzen dena. Tresna hau zientzia-disziplina berri honetan giltzarria izango zen. Bere askaren bertsio hobetu bat erabilita Irving Langmuirrek gainazaleko molekulen inguruko aurkikuntza berriak egin zituen gerora, baita 1932an Kimikako Nobel Saria irabazi ere. Pockelsen tresna Languir-Blodgett askaren aurrekaria da, era berean.
1891n bere ikerketak John William Strutt (Lord Rayleigh) zientzilariari bidali zizkion, "berarentzat gorde zitzan" eskatuz. Gutuna alemanez bidali zion, eta Raleyghek itzulpena eskatu ostean harridura handiz jaso zituen datuak, Nature aldizkarira bidaliz. Hortik aurrera gainazaleko pelikulak ikertzeko bidea ireki zitzaion Pockelsi. Inoiz ez zuen kargurik lortu, baina hainbat ikerketa argitaratzea lortu zuen, eta zientzia hasi berrian garrantzi handiko pertsona izan zen.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina